Edukira joan

Conxa Pérez Collado

Wikipedia, Entziklopedia askea
Conxa Pérez Collado
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakConcepció Pérez Collado
JaiotzaBartzelona1915eko urriaren 17a
Herrialdea Espainia
HeriotzaBartzelona2014ko apirilaren 17a (98 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakkatalana
gaztelania
Jarduerak
Jardueraksindikalista
Enplegatzailea(k)Sant Antoniko merkatua
KidetzaLanaren Konfederakunde Nagusia
Lanaren Konfederazio Nazionala

Conxa Pérez Collado ( Bartzelona, 1915eko urriaren 17aibidem, 2014ko apirilaren 17a ) sindikalista anarkista, miliziano eta borrokalari antifaxista izan zen, CNT-Confederación Nacional del Trabajo sindikatuarekin (Lan Konfederazio Nazionala) eta gero CGT-Confederació General del Treball-ekin (Lanaren Konfederakunde Nagusia) kolaboratu zuena. 17 urterekin jada ekintzaile anarkista zen, eta 1936ko uztailean, Espainiako Gerra hasi zenean, Errepublikaren aurka matxinatutako indarrei aurre egiteko prestatutako talde armatuetako baten kide izan zen. Bartzelonan eta Aragoin borrokatu ondoren, gerra amaitzean, Frantziako errefuxiatuen kanpaleku batean egon zen, eta bertan jaio zen bere seme bakarra.

Pérez Collado1942an Bartzelonara itzuli zen. Diktadurapean ere ez zion utzi CNTn militatzeari, eta bere denda ohiko elkartze tokia izan zen hainbat anarkistarentzat. Franco hil ondoren, ekintza anarkistetan eta tokian tokiko antolaketa ekitaldietan modu irekiagoan parte hartzen jarraitu zuen. 2014ko apirilaren 17an hil zen Bartzelonan, Espainiako Gerran borrokatu ziren milizianoetatik hil zen azkenetako bat izanik.

Pérez Collado 1915eko urriaren 17an jaio zen Les Cortesen, Bartzelonan. [1] [2] Bere aitak, Juan Pérez Güellek, sei seme-alaba izan zituen bi emakumerekin; Conxa haietatik hirugarrena izan zen. Ama tuberkulosiak jota hil zen 2 urte zituela.[2] Pérez Güell anarkista zen eta kartzelan egon zen.[2] Haurtzaroan, Pérez Colladok ezin izan zuen ikasi. Nerabezaroan, arte grafikoetako tailer batean hasi zen lanean. 16 urterekin lana utzi eta Ateneo Libertario Faro-n (Itsasargia Ateneo Libertarioa) eta Ateneo Agrupación Humanidad-en (Gizateria Elkartea Ateneo) kolaboratzen hasi zen.

Pérez Collado anarkista zen[3][4][5] eta Federazio Anarkista Iberiarrean (FAI) sartu zen 1932an. Hurrengo urtean, bera eta bere bikotekidea atxilotu zituzten, lantegi baten aurrean protesta batean parte hartzen ari zirela arma bat ezkutaturik eramateagatik. [2] Geroago, espetxetik atera ondoren, aroztegi batean lan egin zuen. Lan horretan segitu zuen Gerra Zibila hasi zen arte. [2]

1936ko uztailean Gerra Zibila hasi orduko, Pérez Colladok bazuen armak eskuratzeko aukera eta frontera joateko prest zegoen. Bere talde anarkistan saihestezina ikusten zuten militarren matxinada, horregatik, gatazka piztu baino lehen armekin trebatzen ibili ziren borrokarako prest egoteko.[3]

Gerraren lehen egunetan, Pérez Collado Los Aguiluchos de Les Corts (Les Corts-eko Mirotzak) taldeko kide zen, Bartzelonako bere auzoko 100 soldadu armatuko taldea. Haietatik zazpi baino ez ziren emakumeak. [2] Gerra Zibila hasi eta gutxira, Pérez Collado Modelo espetxeko preso politikoak askatzen saiatu zen talde bateko kide zen. Ondoren, komentu bat okupatu zuen talde batean sartu zen. Bartzelonan, bere auzoan, barrikadak eraikitzen ere lagundu zuen.[3] Beste anarkista batzuekin batera, lau arma zituztelarik, koltxoneta batez estalitako furgoneta baten atzealdean ibili zen. Pedralbes-eko kuartela eraso zuten eta armategi txiki bat lortu zuten. Horren ondoren, bere taldea Caspera joan zen, Aragoiko Frontean.[3] Caspera iritsita, Ortiz zutabean sartu eta bere unitate berriarekin Azaidara joan zen.[3] Unitatea Azaidan egon zen 1936ko abuztuaren 24an Belchiteren aurkako erasoan parte hartzeko mobilizatu zuten arte. Aragoiko frontean egon zen beste lau hilabetez eta gero Huescara joan zen. Abenduan, Tardienta sektorean miliziano emakume talde batean borrokatu zen. Emakumeak, baina, urte amaieran frontetik erretiratu zituzten; horregatik, atzeguardiara itzuli zen. Bartzelonan, gerra garaian kolektibizatua izan zen lantegi baten arduraduna izan zen. Lantegiari "Del pintallavis a la bala" esaten zioten, kosmetikoak ekoiztetik munizioak egitera pasatu baitzen.[3]

1937ko maiatzean, Bartzelonako Katalunia plaza ondoko eremua zaintzen ari zen patruila batean zebilela, harrapatu eta zauritu egin zuten. Hankan sartutako metalezko zatiak hainbat urtez jarraituko zuen gorputzean. [2] 1938ko abenduan muga aldera joan zen Bartzelona erortzean. Frantziara ihes egin ondoren, Argelès-eko errefuxiatuen kanpamentuan egon zen barneratua, eta bertan erizain boluntario gisa lan egin zuen. Han zegoela, Madrilgo Isidoro Alonso mediku sozialista ezagutu zuen eta harekin harremana izan zuen. Seme bat izan zuten, Marseillan jaiotako mutikoa, Conxak izango zuen bakarra. [2]

1942ko irailean, Pérez Collado Bartzelonara itzuli zen. Han semearen zaintza galdu zuen, Estatuak erabaki zuelako ez zuela behar bezala zaintzen. Familia judu batek lana eman zion neskame gisa, eta familia horri esker, semearen zaintza berreskuratu ahal izan zuen, umea hazteko adina diru zuela demostratzen lagundu ziolako. [2]

Bartzelonan egon zen bitartean, Pérez Collado berriro hasi zen harremanetan Maurici Palaurekin, iraganean bere maitalea izandakoa eta 4 urteko zigorra bete ondoren aske utzi berria zena. Bikoteak barruko arropa eta bitxi denda ireki zuen Sant Antoni merkatuan. Denda anarkisten bilgune bihurtu zen. [6] Bitartean, Conxak CNTko kide izaten jarraitu zuen. [2] Diktadura ostean, CGTn oso aktiboa izan zen, [2] eta bere auzoko bertako elkarteetan ere buru-belarri jardun zuen.

1982tik 1984ra, Nick Rider-ek 1930eko hamarkadako anarkismoari buruz egindako zenbait elkarrizketatan parte hartu zuen.[5] 1997an sortutako Grup Les Dones del 36 elkartean sartu zen 1999an. Bertan, beste emakume borrokalari antifaxistekin batera, memoria historikoa berreskuratzen lagundu zuen Kataluniako hainbat ikastetxetan berbaldiak emanez. [2]

Pérez Collado 2014ko apirilaren 17an hil zen Bartzelonan 98 urte zituela. [1] Bere heriotzak aro baten mugarria izan zen, Espainiako Gerra Zibilean borrokatu zuten milizianoetatik bizirik gelditzen ziren azkenetako bat baitzen. [2]

Ateneu l'Entrebanc gizarte-zentro okupa autogestionatuan liburutegi sozial bat sortzeko proiektua aurrera eraman zuen taldeak, Pérez Collado hil ondoren, Biblioteca Social Conxa Pérez izena eman zion liburutegiari haren omenez. [6]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Mor Conxa Pérez, una de les últimes milicianes de la CNT a la Guerra Civil. El Punt Avui. [2015eko apirilaren 18an kontsultatua].
  2. a b c d e f g h i j k l m «Muere Concha Pérez, una de las últimas milicianas de la CNT en la guerra civil». (2014ko apirilaren 14a). elperiodico. 2021ko martxoaren 26an kontsultatua .
  3. a b c d e f Lines, Lisa Margaret (2012). Milicianas: Women in Combat in the Spanish Civil War (ingelesez). Lexington Books. ISBN 9780739164921.
  4. Ealham, Chris (2015eko abenduaren 14a). Living Anarchism: José Peirats and the Spanish Anarcho-syndicalist Movement (ingelesez). AK Press. ISBN 9781849352390.
  5. a b Nash, Mary (1999). Rojas: Las Mujeres Republicanas En La Guerra Civil. Taurus. ISBN 9788430603602.
  6. a b Social Library Conxa Pérez (2016). «A brief reflection on Conxa Pérez's political commitments». Interface: a journal for and about social movements 8 (2). 2021eko martxoaren 26an kontsultatua.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]